Streaming bidez zuzenean emandako bi jardunaldiek mugak gainditu dituzte, eta batez ere, zurari balioa eman diote baliabide natural eta iraunkor gisa
Bilbao Exhibition Centre-ko auditorioak atzoko eta gaurko goizetan hartu du Egurteken, Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren, zortzigarren edizioa; edizio berezia, izan ere, aurten, ekitaldi hibrido bilakatu da, non hitzaldi presentzialak eta internet bidezko hitzaldiak tartekatu diren. Azken emaitza ona izan da, aurreko edizioetan egiaztatutako kalitate maila ez baita murriztu formatu aldaketarekin. “Ezerk ezin du giza kontaktua ordezkatu, baina hau modu normalean egin ezin den bitartean, moldatzen jakin behar dugu”, esan zuen atzo, irekiera ekitaldian, Xabier Basañezek, BECeko zuzendari nagusiak.
Ekitaldia zuzenean streaming bidez eman izanak mugak gainditzea lortu du, eta are nazioartekoago bihurtu du foroaren edukia. Foroaren helburua da zurezko eraikuntzako profesionalen lanari balioa ematea, eta batez ere, sektorean parte hartzen duten eragile guztien arteko ezagutza- eta ideia-trukerako elkargunea izatea. 600 profesional baino gehiagok zuzenean jarraitu dute Egurteken programa estatuko eta nazioarteko eremuan. Frantziatik, Argentinatik, Estatu Batuetatik, Kanadatik, Britainia Handitik, Suitzatik edo Finlandiatik, besteak beste.